
- Actualidad
- 15/04/2026
2026ko martxoaren 25ean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak (EIBM) hamaika akordio aho batez lortu zituen, hiru esparrutan nagusiki:
2026-2028 ALDIRAKO AURREKONTU-EGONKORTASUNEKO ETA FINANTZA-JASANGARRITASUNEKO BIDEA
Lehenik eta behin, 2026-2028 eperako defizit- eta zor-helburuak finkatu ziren euskal erakundeentzat, kontu publikoek nolabaiteko egonkortasuna izan dezaten. Aurrekoarekin lotuta, 2026-2028 eperako -0,3ko defizita eta %13ko zor publikoa ezarri zen Eusko Jaurlaritzarentzat, eta -%0,1eko defizita foru aldundientzat. Zifra horiek bat datoz Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek 2026ko aurrekontuak egitean aurreikusitakoarekin, eta hurrengo ekitaldietan kontu publikoak egiteko egonkortasun eta segurtasun handiagoa bermatzen dute. Akordioak Euskal Autonomia Erkidegoko zorpetze-atalasea malgutzeko arauak ere jasotzen ditu, eta arau horiek Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2025eko apirilaren 10ean egindako bileran adostu ziren. Horrela, behin betiko finkatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen finantza-autonomia eta inbertsio-ahalmena indartzeko egindako aurrerabide nabarmena.
Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren arloan, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2025-2026 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia eta Finantza Plana ere onartu du.
EUSKADIREN ETA ESTATUAREN ARTEKO ZERGA- ETA FINANTZA-HARREMANEN ESPARRUA EGUNERATZEA
Beste alde batetik, Ekonomia Itunaren sisteman xedatutakoaren arabera, 2024rako behin betiko kupo likidoa eta politika aktiboen balorazioa onartu zen, eta 2025erako behin-behinekoa; guztira, 1.735.618,83 eta 1.464.741,00, hurrenez hurren. Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordeko Idazkaritzaren txanda-protokoloaren eguneratzea ere berretsi zen.
Ezarritako akordioen bidez, Euskadiren eta Estatuaren arteko zerga- eta finantza-harremanen esparrua eguneratu ahal izango da, Ekonomia Itunean ezarritakoa jarraituz.
EUSKADIK ASKOTARIKO EZOHIKO ZUZKIDURETAN PARTE HARTZEA
Halaber, legediaren arabera, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak osasunaren arloko ezohiko zuzkiduratan parte hartzea erabaki zuen, hala nola: Osasun Mentaleko Ekintza Plana, Suizidioa Prebenitzeko Ekintza Plana eta Osasun Sistema Nazionalaren Efizientzia eta Jasangarritasuna Hobetzeko Neurriak Garatzeko Programa. Guztira zazpi milioi eurotik gorako finantzaketa izango da Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, 2025eko eta 2026ko ekitaldiak batuta.
AUTONOMIAREN ALDEKO ETA MENDETASUNARI ARRETA ESKAINTZEKO SISTEMAREN FINANTZAKETA OSAGARRIA: EKONOMIA ITUNAREN BATZORDE MISTOAREN BESTE BILERA BAT EGITEKO KONPROMISOA
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan 2026ko irailaren 30a baino lehen beste bilera bat egiteko konpromisoa hartu dute, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren finantzaketa osagarria zehazteko behin betiko metodologia adosteko, aurreko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2025eko apirilaren 10ean hartutako Bigarren Erabakia gauzatu eta betetze aldera.
Hau Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bosgarren bilera da, 2024ko azarotik. Guztira, askotariko gaien inguruko 45 akordio lortu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ekonomia, zerga eta finantzaren arloko autogobernua defendatu eta etengabe eguneratzearekin zerikusia duten askotariko arloetan. Akordio horiek gobernuen arteko akordiorako eta elkarrizketarako gaitasuna islatzen dute, eta Ekonomia Itunak —aldebikotasunean, adostasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta— Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman-eredua arautzeko tresna erabilgarri eta guztiz gaur egungo gisa duen potentzialaren garrantzia gailentzen du.
Azkenik, gaur egun indarrean dagoen metodologia, 2022-2026 aldian aplikatzekoa, eguneratu egin behar da. Horregatik, lehen harremanak hasi dira 2027 ‑ 2031 bosturtekoari dagokion kupoa zehazteko metodologia berritzeko, Lehendakariak urtarrilaren 27an Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako bileraren ostean adierazi zuen bezala.
Iturria: Irekia
Actualidad
Todas las categorías
-
Academia 95
-
Actualidad 290
-
Ad Concordiam 24
-
Álava / Araba 290
-
Artículos 28
-
Bizkaia 354
-
Concierto Económico 260
-
Cupo 126
-
Difusión 159
-
Europa 133
-
Galería de imágenes 9
-
Gipuzkoa 285
-
Impuestos 481
-
Internacional 70
-
Ituna Newsletter - ES 102
-
Judiciales 67
-
Lucha contra el fraude 41
-
Navarra 85
-
Noticias frescas 382
-
Nuevas publicaciones 109
-
Parlamentos 31
-
Personajes 38
-
Siglo XIX 19
-
Siglo XX 49
-
Siglo XXI 591
-
Varios 30