Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak Bizkaiko Foru Ogasunaren 2023ko Iruzurraren Aurkako Planaren irizpide orokorrak onetsi ditu. Plan horretan iruzurrik ez gertatzeko eta gertatzen dena antzemateko eta erregularizatzeko jarduketak ezartzen dira.

Prebentzioari dagokionez, urtero bezala aurten ere zergadunei laguntza eskainiko zaie beren zerga-betebeharrak betetzeko. 2023ko berrikuntza nagusia honako hau izango da: Batuz sisteman sartutako pertsonen PFEZen aitorpen-zirriborroak egiteko eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuan (EEEL) ezarritako idatzoharrak erabiliko dira lehenengoz. 2022. urtean jarduera ekonomikoren bat egiten duten 12.698 pertsona eta entitate sartu dira beren borondatez BATUZ sisteman, eta 135 milioi idatzohar baino gehiago egin dituzte EEELn Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.

Bizkaiko Foru Ogasunak 2023an iruzurraren aurka egingo dituen jarduketetan zergadun guztiak hartuko dira kontuan; elkarrekin estu lotutako hiru ildo egongo dira: informazioa eskuratzea, prebentzioa, eta erregularizazioa eta kobrantza.

Informazioa lortzeko jarduketak

Jarduketa hauen helburua da zerga-ondorioak dituen informazioa eskuratzea eta aztertzea. Beraz, jarduketa hauen bitartez Ogasunak ez du lortuko egindako iruzurren zenbatekoak jasotzea, beren xedea ez baita hori, baizik eta gertatu diren zerga-irregulartasunak detektatzeko behar den informazioa biltzea eta irregulartasun horien erregularizatzea eta kobratzea.

Hain zuzen ere, zerga-aitorpenak eta aitorpen informatiboak arakatuko dira, informazioa eskuratzeko jarduketa bereziak egingo dira, eta zerga-informazioa trukatuko da beste zerga-administrazio batzuekin. Zerga-ondorioak dituen informazioa ezinbestekoa da zerga-arriskuak detektatzeko eta egiaztatu beharreko zergapekoak ongi hautatzeko.

2023an honako jarduketa hauek egingo dira, besteak beste:

  • Zergadunen aitorpenetako informazioa araztuko da.
  • Datu-bolumen handiak prozesatzeko eta datu-zientziako teknika berriak aplikatzeko plataforma teknologikoa garatuko da.
  • Ekonomia digitalaren inguruko informazioa eskuratuko da interneteko informazio-iturri irekietan.
  • Zerga-ondorioak dituen informazioa trukatzeko nazioarteko akordioak baliatuko dira gure zergapekoek atzerrian dauzkaten ondasunak eta eskubideak detektatzeko.
  • Nazioarteko fiskalitatearen esparruan diharduten enpresa-taldeak aztertuko dira.
  • Nazioarteko fiskalitatearen esparruan, zergapeko, eragiketa eta jurisdikzio jakin batzuk aztertuko dira, hain zuzen ere laguntzarik ematen ez duten jurisdikzioekin lotura dutela-eta zerga-iruzurrerako arrisku handia dutenak.
  • Egoitza Bizkaian ez daukaten zergadunek Bizkaian egiten duten jardunarengatik zergak nola ordaintzen dituzten egiaztatuko da.
  • Barruko fiskalitatearen esparruan, iruzur-arrisku handiko zergadunei informazio jakin batzuk eskatuko zaizkie edo kontrol-jarduketak aplikatuko zaizkie.

Prebentzio-jarduketak

Jarduketa hauetan neurri batzuk ezarriko dira pertsonei ohartarazteko oso garrantzitsua dela zerga-betebeharrak betetzea, batetik, eta, bestetik, zergadunen iruzurrak egin aurretik detektatzeko eta saihesteko. Horretaz gain, laguntza eta informazioa emateko arloa garatuz gero, murriztu egiten dira zergadunek jasan beharreko administrazio-kargak, eta zergadunek errazago dute beren betebeharrak beren borondatez betetzen, eta hala ez-betetzeak saihesten dira.

Informazioa eskuratzeko jarduketekin gertatzen den bezala, prebentzio-jarduketen bidez ere ez da berreskuratutako iruzurren zenbatekorik, beren helburua iruzurrik ez gertatzea baita. Prebentzio-jarduketa nagusiak honako hauek izango dira:

  • Zergadunei informazioa eta laguntza emango zaizkie telefonoz, baliabide digitalen bidez eta aurrez aurre.
  • PFEZen aitorpen-zirriborroa egingo zaie zergadun guztiei.
  • Batuz sistema norberaren borondatez ezarriko da. Horren bidez modu automatikoan aitortuko dira jarduera ekonomikoen diru-sarrera eta gastu guztiak, eta, gainera, kontsumitzaileek beren erosketak Foru Ogasunari ondo aitortu zaizkion egiaztatu dezakete.
  • Zergen arloko hezkuntzako modulua Bizkaiko 140 ikastetxetan emango da.
  • Zerga-zor handia duten pertsonen zerrenda argitaratuko da. Zerrendan agertzeko zenbatekoa 1.000.000 eurotik 600.000 eurora murriztu da.
  • Etengabeko espezializazio eta prestakuntzako ekintzak antolatuko dira, batez ere unitate espezializatuetako kideentzat: Informatika Auditoretzako Unitatea, Zergadun Handiei Laguntza Espezializatua Emateko Unitatea, Zergadun Handien Tributu Kontrolerako Unitatea, Nazioarteko Fiskalitate eta Transferentziako Prezioen Unitatea, Konkurtso-ikerketako talde eragilea, eta Zerga Berezien Unitatea.
  • Aurreko urteetan egiaztapen-jarduketak egin zaizkien zergadunen jarraipena egingo da.

Erregularizaziorako eta kobratzeko jarduketak

Erregularizaziorako eta kobratzeko jarduketen helburuak egiten diren iruzurren zenbatekoa finkatzea eta iruzurgileari zehapena ezartzea dira. Jarduketa hauek arrakastatsuak izango badira, ezinbestekoa da ongi hautatzea Bizkaiko Foru Ogasuneko organoek egiaztatu beharreko zergapekoak, eta informazioa eskuratzeko jarduketetan biltzen den zerga-ondoriozko informazioa ona izatea.

2023an honako jarduketa hauek egingo dira, besteak beste:

  • Eskuratzen den informazioa aztertzeko eta kudeatzeko auditoretza-tresna informatikoak erabiltzea sustatuko da.
  • Egiaztapen eta ikerketako jarduketak bultzatuko dira jarduera ekonomikoren bat egiten den bulegoetan, negozio-lokaletan eta gainerako establezimendu eta tokietan. Auditoretza-kontrol informatikoak egingo dira.
  • Nazioartean hedatutako enpresa-taldeak egiaztatuko dira honako hauetako bat antzemanez gero: zerga-hitzarmen baten abusua, sozietate-egitura artifizialak sortzea, asimetria hibridoen erabilera, edo arrisku fiskaleko harremanak laguntzen ez duten jurisdikzioetan.
  • Lotutako pertsonen eta entitateen artean egindako eragiketak egiaztatuko dira, eta talde nazionaletako eta multinazionaletako entitateen arteko transferentzien prezioak zehaztuko dira.
  • Zergadunek egindako jarduera ekonomikoak egiaztatuko dira.

Kobratzeko jarduketen helburua da zorra kitatzeko erabil daitezkeen ondasunak eta eskubideak azaleraztea, bai eta zorra ez ordaintzeko egiten diren ondare-hustuketak eta beste iruzurrezko eragiketa batzuk ere. Honako hauek izango dira jarduketa nagusiak:

  • Zordunen jarraipena eta kontrola.
  • Hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresen jarraipena eta kontrola.
  • Ondare-ezkutatzeak eta ondare-hustuketak detektatzea.

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia

Todas las categorías