
- Actualidad
- 10/03/2021
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Ogasunek, Itun Ekonomikoak bermatutako autonomia fiskalaren eskumenak erabiliz, 2020. urteko errenta kanpaina antolatzen direlakoan, aurtengo berritasunei buruz xehetasunak adierazten hasi dira.
Araba
Alde batetik, Arabako Foru Ogasunak handitu egingo du Rentafácil jasotzen duten zergadunen kopurua hurrengo errenta kanpainan, talde horretara sartuko baitira alokairuan bizi direnak eta etxebizitza bat alokatuta dutenak ere. Kanpaina digitalizatzeko egindako aurrerapenen berri ere eman zuen Itziar Gonzalo, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak prentsaurrekoan.
“Ezohiko garaia bizitzen ari gara, pandemiaren eta herritarrak babesteko beharrezkoak diren neurrien ondorioz. Egoera honetan, berebiziko garrantzia hartu du digitalizazioak. Hori zen gure apustua COVID-19a iritsi aurretik ere, baina krisi honek erakutsi digu prozesua azkartu beharra dagoela. Krisi honetan zerbait ikasi badugu, herritarrei zerbitzu azkar, seguru eta errazagoa eskaini ahal izateko gure erakundeak modernizatu behar ditugula da. Eta, horretarako, teknologia berriak gure aliatuak dira”, azaldu zuen Gonzalok.
Hortaz, hurrengo kanpainatik aurrera, zeina apirilean hasiko baita, Rentafácilera sartuko dira etxebizitza alokairuan duten arabarrak (bai maizterrak, bai alokatzaileak). Horiek Foru Ogasunaren posta abisu bat jasoko dute, jakinarazteko aitorpena aurrez egin dela, eta aldundiaren web orrira sartu beharko dira etxebizitzari buruzko datuak osatzeko, hau da, alokairuaren ondoriozko etekinak edo kenkariak.
Lehendik ere Rentafácil jasotzen zuten gainerako zergadunei dagokienez ere badago berritasunik. Izan ere, aurten, aitorpenaren zirriborro osoa etxera bidali ordez, Foru Ogasunak abisua eta azken emaitza bidaliko ditu. Eta ordenagailutik edo gailu mugikorretik zuzenean onartu ahalko da, orain arte bezala. Aitorpen osoa ikusteko aukera ere izango da, web orriaren bidez.
Halaber, Foru Ogasunak Rentareden aldeko apustuarekin ere jarraitzen du. Modalitate horretan, zergadunek eurek egiten dute aitorpena ordenagailutik. “Rentared aukera ona izan zen zergadun askorentzat konfinamendu garaian. Modalitate horrek aukera ematen digu gure aitorpena edozein egun eta ordutan egiteko. Etengabe irekita dagoen Ogasuneko leihoa balitz bezala”, gogorarazi zuen Itziar Gonzalok.
Hain zuzen, iaz, bikoiztu egin zen tresna hori erabili zuten zergadunen kopurua. “Hurrengo kanpainetan gero eta arabar gehiagorentzat tresna erabilgarria izaten jarraituko duelakoan nago, aukera erraza, segurua eta erosoa baita”, adierazi zuen Ogasun Saileko foru diputatuak.
Azkenik, Foru Ogasunak Gasteizen, Laudion eta Guardian dituen bulegoetan arreta ematen jarraituko du. Horretan ere berritasunak egongo dira; besteak beste, zerbitzu hori erabiltzeko baldintzak. Aurreko kanpainetan bezala, zergadun guztiak joan ahalko dira bulegoetara, salbu jarduera ekonomikoa egin dutenak, ohiko etxebizitza saldu dutenak eta higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenak. Aurten, honako hauek ere ezingo dute aitorpena Ogasunaren bulegoetan egin: kotizatu gabeko merkataritza sozietateen partaidetzak saldu dituztenek, lonjak eta apartamentu turistikoak alokatzearen ondorioz kapital higiezinaren etekinak lortu dituztenek eta 80.000 eurotik
gorako lan etekin osoak jaso dituztenek.
Bizkaia
Bestalde, Bizkaiak hobetu egin du errentako laguntza-zerbitzua, aitorpena eginda zergadun guztiei eskaini baitie, iaz proposamena jaso ez zuten 263.000 zergadunei barne. Apirilaren 6tik aurrera zergadun bakoitzak bere proposamena egiaztatu eta aurkeztu ahal izango du errentako webgunean, aplikazio mugikor batean edo telefonoz. 94.608.3000 telefono zenbakia arreta-kanal nagusi gisa indartzen da, eta aldi berean 400 dei artatzeko gaitasuna du.
Pertsona guztiek aitorpen-proposamen bat izango dute, lehen zerbitzu hori zergadunen %55era baino iristen ez zenean. Iaz 200.000 pertsonak aitorpena eurek egin behar izan zuten laguntza-programa informatikoa erabiliz, eta beste 63.000 pertsonak banketxe batera joan behar izan zuten aitorpena egitera. Egungo ereduarekin, pertsona horiek guztiek aitorpena egina izango dute. Bizkaia izango da langile autonomo guztiei PFEZaren aitorpena egingo dien lehen zerga-administrazioa. 70.000 pertsona inguruko talde zabala da eta, horien kasuan ere, Ogasunak BEZ aitorpenak egingo dizkie Batuz ezarrita.
Errenta-aitorpena aurkeztera behartuta ez dauden pertsonek ere aitorpen-zirriborroaren emaitza jasoko dute. Horrela, aitorpen hori euren aldekoa bada, aurkeztu eta itzulketa jaso ahal izango dute. Emaitza ingresatzea bada (ogasunaren alde), aitorpena aurkeztera behartuta ez daudela jakinaraziko zaie.
Itzulketak aurreratzen dira ere. Aitorpenaren emaitza itzultzea duten zergadunek beren kontuetan jasoko dute diru-sarrera, aurkeztu eta gehienez ere zazpi eguneko epean. Horrela, Ogasunak apirileko lehen hamabostaldian egingo ditu lehen itzulketak. Aurreko ereduarekin, lehen itzulketak maiatzaren hasieran gertatzen ziren.
Lehengo errenta-klabearen ordez, bak klabea jarri da, errazagoa eta erabilgarritasun handiagokoa. Aurreko kanpainetan Ogasunak errenta-gako bat ematen zuen urtero, eta gako hori ekitaldi horretako errenta izapidetzeko baino ezin zen erabili. Klabe horren ordez aurten bak jartzen da; errentaz gain, Foru Aldundiarekin beste izapide batzuk egiteko ere identifika daiteke (besteak beste, Ogasuneko eta Katastroko izapide guztiak), bai eta beste euskal erakunde batzuekin ere. Gainera, bak gakoa ez da iraungitzen eta erraz memorizatzen da, NANak eta erabiltzaileak berak aukeratutako pasahitz batek osatzen baitute.
PFEZ aitorpena aurkezteko 2020ko kanpaina apirilaren 6tik ekainaren 30era bitartean egingo da, eta bertan Bizkaiko Foru Ogasunak herritarrei laguntzeko eredu berri bat aktibatuko du; lehenengo aldiz zergadun guztiek aitorpena eginda izango dute. Foru erakundea arduratuko da aitorpena egiteaz eta zergadun bakoitzaren eskura jartzeaz, egiaztatu eta aurkeztu baino ez dezan egin.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu zuenez eredu berri honek Bizkaiko zergadunei PFEZaren aitorpena aurkezteko duten betebeharra betetzen lagundu nahi die. Era berean, eredu berriak zergadun guztien tratamendua parekatzen duela nabarmendu du; izan ere orain arte erdiek baino gehixeagok jada prestatutako proposamena jasotzen zuten, baina gainerakoek laguntza-programarekin egin behar zuten, edo erakunde laguntzaile batera joan.
Iñaki Alonsok, Ogasuneko zuzendariak, azaldu zuenez, apirilaren 6tik, kanpainaren lehen egunetik, zergadunek aitorpen proposamena kontsultatu ahal izango dute www.bizkaia.eus/renta webgunean edo «Renta Bizkaia Errenta» telefono mugikorretarako aplikazioan. Bide horietako edozeinetan kontsultatzeko, konfidentzialtasun- eta segurtasun-arrazoiengatik, identifikazio digitaleko bitarteko batekin identifikatu beharko da. Horrelakorik ez dutenek bak gako bat aktibatu ahal izango dute, Ogasunak zergadun guztiei apirilaren 6tik aurrera eta apirilean zehar bidaliko dizkien gutunetan igorriko duen kodearekin.
Gutun horietan Ogasunak zergadunari aitorpen-proposamenaren emaitza jakinaraziko dio. Gutuna errazago ulertzeko, informazio pertsonalizatua ere emango du, aurreko urteetako errenta-gutunarekiko irakurketa erraztuz.
Bidalketa berean zergadun bakoitzak ordezkaritza-gako bat ere jasoko du -aurreko urteetan bezala-, beste pertsona batek izapideak bere izenean egin ahal izan ditzan, bai eta bak gakoa aktibatzeko kode hori ere, identifikazio digitalerako bitartekorik ez badu.
Proposamena itzultzekoa bada (zergadunaren aldekoa), eta zergadunak ekainaren 11 baino lehen aurkezten ez badu, Ogasunak dagokion zenbatekoa itzuliko dio erreferentziako banku-kontuan.
Proposamena ingresatu beharrekoa bada (ogasunaren aldekoa), zergadunak aurkeztu egin beharko du, aurreko Rentaetxean ereduarekin gertatzen zen bezala. Ekainaren 30era arteko epea izango du eta webgunean, app-ean edo telefonoz egin ahal izango du. Eredu berriarekin, hiru bide horiek erabili ahal izango dira errentaren edozein izapide egiteko eta, beraz, inork ez du bulego batera joan beharko.
Errentako telefono mugikorretarako aplikazioa da errenta-kanpaina honen beste berrikuntzetako bat, eta edozein smartphonetatik kontsultatu eta aurkeztu ahal izango da aitorpen-proposamena. Era berean, Errenta Bizkaia Errenta app-ak hainbat erabilera eskaintzen ditu, hala nola aitorpenari dokumentazioa eransteko aukera, telefonoarekin argazki bat eginez. Aplikazioa iOS zein Android sistema eragileetan deskargatu ahal izango da.
Aurreko ereduarekin bezala, errenta-telefonoa izango da zergadunarentzako laguntza-bide nagusia; Erenta19 kanpainan arreta guztien %90 telefonoz egin zen, % 7 webgunean eta %3 bulegoetan. Aurten, gainera, Foru Ogasunak indartu egingo du zerbitzu hori, 290 pertsonak eta izapide errazetarako sistema automatiko batek artatuko baitute, 110 dei aldi berean kudeatzeko gai izango dena. Horrela, 94.608.3000 telefono zenbakian 400 dei erantzun ahal izango dira aldi berean, egunean 10.000 deiko edukierara iritsiz.
Gipuzkoa
Azkenik, Gipuzkoako Foru Ogasunak bi zergadunetik bati eginda bidaliko dio 2020ko errenta aitorpena. Hain zuzen ere, martxoaren 30etik aurrera jasoko dute etxean proposamena, eta internet bidez ere izango dute kontsulta egiteko aukera. Gipuzkoako Ogasunak aurtengo kanpainaren nondik norakoak argitaratu ditu bere webgunean, baita datorren kanpainaren data esanguratsuenak ere.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez, mailaka egingo dute aurten. Jasotako proposamenarekin ados egon ezkero, apirilaren 12tik aurrera onartu ahal izango dute zergapekoek proposamen hori. Iaz, Ogasunak bidalitako errenta aitorpenen % 88 onartu zituzten Gipuzkoan, hau da, 257.714 proposamenetik 226.665ek jaso zuten zergadunen oniritzia.
Modalitate mekanizatua izango da etxean aitorpena jasotzen ez dutenen aukera bakarra. 2020an ohi baino beranduago (maiatzaren 13an) hasi zuten kanpaina, covid-19aren pandemiagatik. Aurten, ordea, apirilaren 19an abiatuko dute, eta hiru egun lehenago (apirilaren 16an) irekiko dute hitzordua eskatzeko epea.
Nahi izatekotan, internet bidez ere egin ahal izango dute errenta aitorpena gipuzkoarrek. Ondare aitorpenaren aurkezpena, berriz, internet bidez soilik egin ahal izango dute.
Actualidad
Todas las categorías
-
Academia 95
-
Actualidad 246
-
Ad Concordiam 24
-
Álava / Araba 290
-
Artículos 28
-
Bizkaia 354
-
Concierto Económico 260
-
Cupo 126
-
Difusión 128
-
Europa 133
-
Galería de imágenes 9
-
Gipuzkoa 285
-
Impuestos 481
-
Internacional 61
-
Ituna Newsletter - ES 88
-
Judiciales 67
-
Lucha contra el fraude 41
-
Navarra 85
-
Noticias frescas 382
-
Nuevas publicaciones 93
-
Parlamentos 31
-
Personajes 38
-
Siglo XIX 19
-
Siglo XX 49
-
Siglo XXI 591
-
Varios 30