UPVEHUko ikasleek Ekonomia Itunaren gainean duten ezagutza eta iritzi-maila ikertzeko helburuarekin, Ituna Zentroak inkesta kanpaina egin du urria eta abendua bitartean.

Guztira, 1.700 inkesta egin dira; hau da, matrikulatutako ikasleen ia %5ak parte hartu du landa-lanean. Lortutako inkesten kopuruak hasierako aurreikuspenak gainditu ditu, eta posiblea izan da UPV/EHUko 50 irakasleren lankidetzari esker.

Inkestak 27 galdera ditu guztira, eta hiru multzotan banatzen dira: aldagai soziodemografikoak; ekonomia itunaren eta kupoaren ezagutza; eta fiskalitateari buruzko iritzia. Ekonomia Ituna eta federalismo fiskala diziplina anitzeko gaiak direnez, UPV/EHUko 5 fakultate aukeratu dira, berarekiko izan dezaketen erlazio eta ikuspegi desberdinagatik: ekonomikoa, juridikoa, politikoa, historiko-komunikatiboa eta pedagogikoa.

  • Sarrikoko, Elkanoko, Donostiako eta Gasteizko Ekonomia Fakultateak eta atalak.
  • Donostiako eta Leioako Zuzenbideko Fakultateak eta atala.
  • Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Zientzia Politiko, Soziologia eta Kazetaritza karrerak barne.
  • Leioa, Donostia eta Gasteizko Magisteritza Fakultateak.
  • Gasteizko Letren Fakultatea, Historiako karrera baino ez.

Gainera, 1. eta 4. mailako ikasleak bakarrik hartu dira kontuan. Horrela, aztertu ahal izango da unibertsitate-prestakuntzaren bidez ezagutza-maila nola aldatu den, edo fiskalitateari buruzko iritzia alda daitekeen.

Azterlan honek proiektu zabalago baten lehen urratsa izan nahi du, euskal herritarrek euskal autogobernuaren ezaugarri nagusietako bati buruz – Ekonomia Ituna- duten iritzia eta ezagutza jasotzeko.

Ikerketa, Itunako kide diren Mikel Erkoreka, Jon Garro eta Jonatan García ikerlariek eraman dute aurrera. Hurrengo bi hilabeteetan emaitzak plazaratzea aurreikusten da.

Todas las categorías