
- Difusión
- 15/05/2025
Euskal ekonomiaren erronka eta aukerak aztertzeko asmoz, EnpresaBIDEAk bere II. Topaketa antolatu zuen maiatzaren 13an. Jardunaldiak helburu nagusi bat izan zuen: eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlana bultzatzea, industria-ehunaren etorkizuna irudikatzeko eta trantsizio teknologiko, demografiko eta sozioekonomikoei modu bateratuan erantzuteko.
Bi solasalditan banatutako topaketan, Euskal Herriko eta Nafarroako ordezkari nagusiek parte hartu zuten etorkizuneko ekonomia ereduaren inguruan ikuspegi estrategiko batetik hausnartzeko.
Lehen mahai-inguruan, euskal ekonomiaren egungo egoera eta erronka nagusiak izan ziren ardatz. Iñaki Ruiz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Europako Funtsen sailburuordeak, jardunaldia ireki zuen ikuspegi makroekonomiko bat eskainiz. Bere hitzetan, EAEko egoera “sendoa” da, izan ere, %2,2ko hazkundea izan zuen 2024an, eta 2025eko lehen hiruhilekoan ere joera positiboak mantendu dira.
Ekonomia-indargune horri eusteko, hainbat eragilek funtsezko gakoak azaleratu zituzten. Estibaliz Goñik (I-DE Iberdrola), adibidez, trantsizio energetikoaren eta industria-lehiakortasunaren arteko uztarketa nabarmendu zuen. Bere ustez, “elektrifikazioa ez da aukera bat, baizik eta bide bakarra”, honela sare energetiko adimendunak eraiki ahal izateko, enpresek digitalizazioan inbertsio sendoak egin beharko dituzte.
Bestalde, Pello Rodriguez (Mondragon Taldea) eta Aitor Aldasoro (Hizkuntza Politikarako sailburuordea) eraldaketa demografikoa izan zuten hizpide. Rodriguezek ohartarazi zuen langile jatorri anitzak egoki integratzea funtsezkoa izango dela, eta Aldasorok, gainera, migrazioak euskal lan-ehuna aberasteko duen ahalmena azpimarratu zuen. Horrez gain, bere esanetan, euskarak industrializazio eta berrikuntza prozezuan ere izan dezake bere lekua, teknologia berrien bidez, bereziki adimen artifizialean euskarari lehentasuna emanez.
Ikuspegi sozialetik, Amaia Jugo (Artizarra Fundazioa) enpresa-errotzeaz eta berrikuntza sozialaz mintzatu zuen, honela euren fundazioaren ikuspegitik enpresa-errotzea hiru aldagai nagusiren arabera neurtzen da: egoitza eta hornitzaile lokalak izatea, kapitalaren tokiko kokapena eta bertako talentuaren presentzia.
Ondoren, bigarren solasaldiak industria-politika eta finantzaketa estrategiak izan zituen ardatz. Unai Andueza (Gipuzkoako Foru Aldundia) izan zen sarrerako hizlaria, eta bere ondotik, Mikel Irujo (Nafarroako Industria kontseilaria) eta Jon Ansoleaga (SPRI) elkarrizketan aritu ziren. Irujok nabarmendu zuenez, Nafarroan bederatzi lantalde sortu dituzte 2024an zehar, eta horien lanaren emaitza Industria Lege berrian islatu da. Lege horrek sektore guztien parte-hartzea jaso du eta industria gobernuaren lehentasun gisa kokatu du.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikuspegitik, Ansoleagak aurki aurkeztuko den Industria Planaren ardatzak aurreratu zituen; industria gehiago, hobea eta jasangarriago bat sustatuko duten gakoekin. SPRIk hainbat neurri ditu martxan, hala nola ETEentzako laguntzak, ikerketa-programak eta deskarbonizazio plana.
Finantzazioaren inguruko eztabaidan, Zenon Vázquezek (Elkargi) gai hori mahai gainean jarri zuen, eta Irujok “ekosistema” kontzeptua nabarmendu zuen, bere esanetan; «unibertsitateek, zentro teknologikoek, ekintzaileek eta finantza-erakundeek elkarlanean jardun behar dute» hori dena pertsona ardatz hartuta. Horren adibide gisa, “Sustraitze” proiektua aipatu zuen, familia-enpresak sustraituta mantentzeko tresna gisa.
Horrez gain, Ansoleagak EAEko “euskal finantza aliantza” aurkeztu zuen, 5.000 milioi euroko inbertsioa aurreikusten duen ekimen estrategiko gisa. Era berean, BasqueFIK kluster finantzarioaren sorrera azpimarratu zuen, industria-ehunaren finantzaketa indartzeko eta aurrezki lokala berrindustrializaziora bideratzeko helburuz.
EnpresaBIDEAko II. Topaketak agerian utzi zuen euskal ekonomia bidegurutze batean dagoela. Trantsizio digitala, energetikoa eta demografikoa uztartu beharko dira lehiakortasun iraunkorra lortzeko, eta horretarako, enpresen, erakundeen eta pertsonen arteko elkarlana funtsezkoa izango da. Horrez gain, ikuspegi humanista eta estrategikoa uztartzea ezinbestekoa izango da etorkizuneko eredu justuago eta eraginkorrago baterantz abiatzeko. Bide horretan, ekosistema kolaboratiboak, bertako talentuaren sustapena, euskararen presentzia eta enpresa etiko eta berritzaileak izango dira gidari nagusiak.
Iturria: EnpresaBidea
Actualidad
Todas las categorías
-
Academia 95
-
Actualidad 306
-
Ad Concordiam 24
-
Álava / Araba 290
-
Artículos 29
-
Bizkaia 354
-
Concierto Económico 260
-
Cupo 126
-
Difusión 173
-
Europa 133
-
Galería de imágenes 9
-
Gipuzkoa 285
-
Impuestos 481
-
Internacional 70
-
Ituna Newsletter - ES 110
-
Judiciales 67
-
Lucha contra el fraude 41
-
Navarra 85
-
Noticias frescas 382
-
Nuevas publicaciones 123
-
Parlamentos 31
-
Personajes 38
-
Siglo XIX 19
-
Siglo XX 49
-
Siglo XXI 591
-
Varios 30