Gobernu Kontseiluak Tributu-neurriei buruzko Foru Araua onartu du

Compartir

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Tributu-neurriei buruzko Foru Araua onartu du gaur.

Arau horrek aldaketak sartzen ditu zenbait zergaren araudian eta Zergei buruzko Foru Arau Orokorrean. Aldaketa horiek Batzar Nagusietara eramango dira, osoko bilkuran eztabaidatu eta onar ditzaten; urte hau amaitu baino lehen egingo da.

Foru-arauaren aurreproiektuak 16 artikulu ditu, gehi xedapen gehigarri eta iragankor batzuk; nabarmentzekoa da, batez ere, hirugarren xedapen gehigarria. Izan ere, xedapen horrek 2024ko zergaldira zabaltzen du, batetik, aldi baterako aplikatzea zuzeneko modalitate erraztuan etekin garbia zehazteko kuotaren 200euroko ezohiko gutxipena eta ehuneko handituak, biak ere pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzkoak, eta, bestetik, mikroenpresentzat kenkariaren ehuneko handitua aplikatzea ere sozietateen gaineko zergan, beren tamainak eragiten dizkien zailtasunen zerga-konpentsazio gisa.

Foru-arauaren aurreproiektuan jasotako aldaketa garrantzitsuenei dagokienez, errekarguen konfigurazio berria nabarmendu behar da Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren esparruan. Hala, aitorpena borondatezko epea amaitu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan aurkezten denean edo ordainketa efektiboa epe exekutiboko lehenengo hiru egun baliodunen barruan egiten denean, aitorpena epez kanpo aurkezteagatiko errekargua eta errekargu exekutiboa nabarmen murriztuko dira: % 5etik % 0,5era.

Horrez gainera, aurreproiektuak zeharkakotzat jo daitezkeen zenbait aldaketa ditu (Bizkaiko tributu-sistemako zenbait zergatan dute eragina): higiezinak errentan emateko, sustatzeko eta salerosteko ekonomia-jardueraren kalifikazioa berrikusi da, sozietateen gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren ondorioetarako; ildo horretan, urtean izan beharreko batez besteko plantillaren baldintza jarduera horien eta merkatuaren errealitatera egokitu da, eta enplegatuen kopurua bostetik hirura murriztu da.

I+G+B jarduerak eta ikus-entzunezkoak eta ikuskizunak egiten dituztenentzat eta halakoak finantzatzen dituztenentzat interesgarriak diren aldaketak.

Nabarmentzekoa da sozietateen gaineko zergan egin den aldaketa, ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuen finantzaketan edo ikus-entzunezko lanen, arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunen eta liburuen argitalpenaren finantzaketan parte hartzeagatik aplikatu ahal diren kenkarien zenbait alderdiri dagokiena. Ildo horretan, aipatzekoa da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek orain kenkari horiek aplikatzeko aukera izango dutela, baina zenbait berezitasun ezarrita. Halaber, kenkari horiek aplikatzeko mugak handitu dira, eta finantzatzen den jardueraren kenkariaren mugekin parekatu dira.

Finantza daitezkeen kenkariei dagokienez, nabarmentzekoa da liburuen argitalpena sartu dela eta indartu egin dela liburuen argitalpenari aplika dakiokeen pizgarria, jarduera hori gehiago sustatzeko, eta aipatu behar da, bereziki, kenkariaren igoera gehigarria ezarri dela (% 15, gehienez) aurreko zergaldian euskaraz argitaratutako eta euskaratutako liburuak edo aleak guztira argitaratutakoen % 50 direnean, gutxienez.

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia