
- Actuality
- 2026/07/29
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek aurkeztu dute gaur goizean, Miramar Jauregian, lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 90. urteurrenaren harira antolatutako udako ikastaroa. Irekiera-ekitaldian parte hartu dute, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak eta ikastaroko zuzendari Maite Zelaia Konstituzio Zuzenbideko eta Europar Batasuneko Zuzenbideko irakasle agregatuak.
Ikastaroaren izenburua hurrengoa da: «Euskal autogobernua 90 urte geroago. Tradizioa, berrikuntza eta Europako ikuspegia» . Honen helburua euskal autogobernuaren erakundetze politiko, juridiko eta sozialaren bilakaera aztertzea da, ikuspegi diziplinarteko batetik; eta horrez gain, gaur egun dituen erronkak eta etorkizuneko aukerak aztertzea ere.
Egitarauak, besteak beste, honako gai hauek jorratuko ditu: 1936ko Estatutuaren balio historiko eta juridikoa; Jose Antonio Agirre lehendakariak gidatutako lehen Eusko Jaurlaritzaren izaera eta jarduna; demokrazia berreskuratu ondorengo autogobernuaren garapena; eta gaur egungo erronkak, hala nola lurralde-aniztasuna, memoria demokratikoa eta autogobernuaren Europako dimentsioa.
Maria Ubarretxena sailburuak azpimarratu du autogobernua dela politika publiko propioak garatzeko tresnarik onena. «Autogobernuaz hitz egitea ongizateaz hitz egitea da. Horregatik, Gernikako Estatutua osatzea ez da bigarren mailako kontua, lehentasunezko helburua baizik. Estatutua osorik betetzetik gero eta gertuago gaude, baina oraindik bidea dago egiteko, eta negoziazioek eskumenen eskualdatzea eta herritarren zerbitzura egongo den kudeaketa-gaitasun handiagoa ekarri behar dute».
Sailburuak nabarmendu du, halaber, Euskadik tresna berriak behar dituela XXI. mendeko erronkei aurre egiteko eta Europan duen presentzia indartzeko. «Guregan eragina duten erabakiak hartzen diren guneetan parte hartu nahi dugu. Herri txikia gara, baina ibilbide instituzional sendoa dugu, konprometitutako gizartea, akordioak lortzeko gaitasuna eta etorkizuneko ikuspegia. Horixe da gure herriaren indargune nagusia».
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak, berriz, gogorarazi du autogobernuak aukera eman diola Euskadiri unibertsitate-, zientzia- eta berrikuntza-politika propioak garatzeko. Haren hitzetan, «1980 baino lehenagoko basamortu zientifikotik Europako sistema aurreratuenen pareko zientzia, teknologia eta berrikuntza-sistema eraikitzera igaro gara». Era berean, ohartarazi du Estatuko oinarrizko legeria eta gero eta hedakorragoak diren dekretuak unibertsitatearen arloan politika publiko propioak garatzeko gaitasuna mugatzen ari direla.
Ikastaroak lehen Eusko Jaurlaritzaren sorrera eta ibilbidea izango ditu ardatz, Gerra Zibilean eta erbestean egindako lana bereziki aztertuz. Aldi berean, lehen autogobernu-egituren sorrera eta bilakaera, haien jarraipen instituzionala eta Gernikako Estatutuaren ondorengo berreskurapena landuko dira, gaur egun ere etengabe garatzen ari den autogobernu-eredu baten ikuspegitik.
Horrez gain, XXI. mendeko euskal autogobernuaren erronkei buruzko gogoeta egiteko gunea izango da ikastaroa. Besteak beste, autonomia-eredua maila anitzeko gobernantzara egokitzea, autonomia-erkidegoek Europar Batasuneko erabaki-prozesuetan duten parte-hartzea indartzea, lurralde-deszentralizazioan sakontzeko aukerak eta Europako esparruak eskaintzen dituen lankidetza nahiz nazioarteko proiekzio-aukerak izango dira hizpide.
Saioetan eskumen-sistemaren bilakaera, Estatuaren lurralde-antolaketa, autogobernuaren Europako dimentsioa, erakunde-erreforma eta nazioarteko deszentralizazio-eredu konparatuak ere aztertuko dira, euskal autogobernuaren orainari eta etorkizunari buruzko ikuspegi eguneratua eskaintzeko.
Bi egunetan zehar, Konstituzio Zuzenbidean, Zientzia Politikoan, Historian eta Europako ikasketetan aditu diren hainbat erreferentziazko akademikok hartuko dute parte. Horien artean izango dira Luis López Guerra, Marc Carrillo López, Ana María Carmona Contreras eta Ludger Mees. Nazioarteko ikuspegia Nicola McEwen, Nicolas Levrat eta Matthias Hartwig adituek osatuko dute; Europako deszentralizazio-ereduei, Europar Batasuneko integrazioari eta estatuaz azpiko erakundeen eginkizunari buruzko gogoetak partekatuko dituzte.
Egitarauak Juan María Olloraren testigantza ere jasoko du. Senatari ohiak Ekonomia Itunaren garapenean eta euskal autogobernuaren sendotzean izan zuen parte-hartzearen berri emango du, bere esperientzia instituzionaletik abiatuta.
Ikastaroari amaiera emateko, «Autogobernua eta estatus politiko eguneratua» izeneko mahai–ingurua egingo da. Bertan parte hartuko dute Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Arkaitz Rodriguez (EH Bildu), Adrian Fernández (PSE-EE), Laura Garrido (PP) eta Jon Hernández (SUMAR) legebiltzarkideek.
Iturria: Eusko Jaurlaritza
Latest
All categories
-
Academy 123
-
Actuality 232
-
Ad Concordiam 6
-
Álava 88
-
Articles 20
-
Biscay 97
-
Breaking news 166
-
Combating fraud 25
-
Economic Agreement 56
-
Europe 96
-
Guipuzcoa 84
-
Image gallery 3
-
International 70
-
Ituna Newsletter - EN 90
-
Judicial 9
-
Navarre 20
-
New publications 112
-
Outreach 132
-
Parliaments 7
-
People 9
-
Quota 38
-
Sundry 9
-
Taxes 244
-
XIX Century 3
-
XX Century 21
-
XXI Century 239