Fitch Ratings agentziak AA- kaudimen kalifikazioari eusten dio Arabako zorrarentzat

Compartir

Fitch Ratings kreditu-kalifikaziorako agentziak AA- kaudimen kalifikazioari eusten dio, perspektiba egonkorraz, Arabako Lurralde Historikoaren zorrarentzat.  Arabako zorraren kalitateari dagokion benetako kalifikazioa AAA da. Hala ere, agentziaren balorazio arauen arabera, kalifikazio horrek ezin du gainditu Estatuari emandakoa (hau da, A-) hiru mailaz baino gehiagoz.

Ondorioz, Arabaren kalifikazioa Estatuarena baino 6 maila gorago dagoen arren, Fitch Ratings kreditu-kalifikaziorako agentziak mantentzen du Arabako Lurralde Historikoari 2022an emandako AA- kaudimen kalifikazioa, perspektiba egonkorraz.

Fitchek positibotzat jo du lurralde historikoaren arrisku profila, probabilitate txikia baitago diru-sarreren, gastuen edo zorraren portaeraren aldetik izan litezkeen ustekabeko gertaerek kalte egiteko zorraren zerbitzua (amortizazioa eta interesak) sortzen diren baliabide arruntekin ordaintzeko posibilitateari.

Arrisku profil hori diru-sarrera fiskal sendoen emaitza da, zeinak batez ere zuzeneko eta zeharkako zergetatik baitatoz, BPGren hazkundeari (Estatukoa baino handiagoa) estu loturik. Gainera, baloratzen da lurralde historikoak zerga horien elementu erabakigarrien gainean jarduteko duen ahalmena, bildutako kopurua handitzeko, beharrezkoa izanez gero.

Gastuei dagokienez, Fitchek baloratu du haien hazkundea diru-sarrerek izandakoaren parekoa dela, eta gehienbat ez direla ziklikoak.

Zorraren markoari eta likideziari dagokienez, Fitch-ek aintzat hartu du zorraren egitura kontserbadorea dela, batez besteko kostu baxuarekin (% 1,5) eta 5 urteko batez besteko iraupenarekin.

Azkenik, Fitchek agerian jarri du Arabaren profil sozioekonomiko osasungarria, nazioko eta nazioarteko ikuspuntuetatik, per capita BPG Europako batez bestekoaren gainetik baitago eta industria-sektoreak garrantzi handia baitu.

 

Iturria: Arabako Foru Aldundia