Nafarroako Parlamentuak Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa onetsi du

Compartir

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketa onetsi egin du 2022ko martxoaren 31n. Erabaki horrek bat egiten du Negoziazio Batzordean 2020ko abenduaren 20an sinatu zen akordioarekin, eta orain Gorte Nagusiek berretsi behar dute akordioa, lege arrunt baten bitartez. Navarra Suma, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen babesa dela medio, legebiltzarraren erabakiak behar zuen gehiengo osoa lortu zen, Geroa Bai eta EH Bilduren abstentzioarekin. 1990eko Hitzarmen Ekonomikoaren seigarren aldaketa da hau, aurretik 1993an, 1998an, 2003an, 2007an eta 2015ean eguneratu zirelarik.

Hitzarmenaren testu berriak aldaketak ditu 28 artikulutan, 6 xedapen gehigarritan eta 7 xedapen iragankorretan, denak ere Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanetako alderdi fiskal eta finantzarioekin lotuak, eta oinarriak ezartzen ditu 2019-2024 bosturtekoan urteroko ekarpenari buruzko akordioa lortzeko.

Hitzarmen Ekonomikorako proposatutako testu berriarekin Nafarroak bere gain hartuko luke hiru zerga berriren bilketa. Hauek dira: transakzio finantzarioen gaineko zerga (Tobin tasa), zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga (Google tasa) —bi kasuetan Estatuak ezartzen dituen arau berak aplikatuko ditu Nafarroak— eta merkataritza elektronikoaren BEZa (OSS BEZa). Bestalde, hobekuntzak eginen dira Foru Ogasuneko kudeaketan eta ikuskapenean, bai eta zerga administrazioen arteko koordinazioan ere, informazioa lortzeko ahalmenak barne.

Bai Balio Erantsiko Zergan (BEZ) baita Sozietateen Gaineko Zergan ere, 7 milioitik 10 miliotara aldatu da enpresek zifra erlatiboaren arabera tributatu behar dutenaren zenbatekoa. Honetaz gain, Nafarroari esleitzen zaio helbide fiskala Foru Komunitatetik kanpo izanda bere eragiketa bolumenaren %75 edo gehiago Nafarroako egoitzan kokatu duten zergadunen gaineko eskumena.

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan talde guztiak bat etorri dira esatean Hitzarmena berritzea “funtsezko” kontua dela Nafarroarentzat. Geroa Baik eta EH Bilduk ez dute ontzat eman Koordinazio Batzordeari esleitzea transferitu gabeko eskumenengatik Estatuaren kutxa orokorrei egin beharreko ekarpenaren indizea negoziatzeko ahalmena. Indize hori %1,6koa da 1990etik. Haien iritziz, premisa horrek Parlamentua baztertzen du eta batzorde nabarmenki “tekniko” baten esku uzten du “sakontasun politiko handiko” afera hori (ekarpen indizea) negoziatzea.

Nafarroak honako ordezkari hauek izan ditu Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordean: Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria; Óscar Martínez, Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea; Javier Esparza (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), eta José Miguel Nuin (I-E). Estatuko Administrazioaren ordezkari aritu dira Inés Bardón, Ogasuneko estatu-idazkaria; Jesús Gascón, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako zuzendari nagusia; Inés Olóndriz, Autonomia Erkidegoen eta Toki Erakundeen Finantzaketarako idazkari nagusia; María José Garde, Tributuen zuzendari nagusia, eta Mónica García, Aurrekontu Egonkortasuneko eta Lurralde Kudeaketa Finantzarioko zuzendari nagusia.