
- Egunekoa
- 2026/07/20
Ekainaren 30ean, Gobernu Kontseiluak Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen dekretuaren bigarren aldaketarako dekretu-proiektua onartu zuen. Ekonomia Ituna hedatzea, sozializatzea eta nazioartekotzea helburu hartuta, 2026-2031 aldirako Eusko Jaurlaritzaren ekintza-planaren garapenari hasiera eman zion, joan den maiatzean argitaratutakoaren arabera.
Zehazki, proiektuak eginkizun horiek Zerga Administrazioko Zuzendaritzaren eskumenen artean berariaz jasotzen ditu, organo horrek arlo horretan duen eginkizuna argitzeko eta finkatzeko. Zeharkako ekimena izango da, Estrategiaren gainerako atalak aplikatzeko antolaketa-oinarriak ezartzera zuzentzen den heinean.
Testuak Zuzendaritza horren barruan zerbitzu espezifiko berri bat sortzea aurreikusten du, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-autogobernuaren eredua aztertu, zabaldu eta nazioartean proiektatzeko ekintzak garatzeko helburuarekin. Neurri horri esker, Estrategian jasotako ekimenak gauzatzeko konpetentzia teknikoa eta antolaketa-gaitasuna indartu ahal izango dira, eta modu koordinatuan eta iraunkorrean ezartzea erraztuko da.
Eginkizunen artean hauek nabarmentzen dira:
- Ekonomia Ituna hedatu, sozializatu eta nazioartekotzeko estrategiaren helburuak eta jarduketa-planaren garapena; era berean, inplementazioa eta jarraipena dinamizatzea eta gidatzea, baita etorkizuneko eguneratzea ere.
- Laguntza eta lankidetzako sare egonkorra eta formala sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakunde publikoekin (bereziki, Foru Aldundiekin eta EUDELekin). Bestalde, Estrategian ezarritako helburuak garatu eta betetzeko —Euskadiren esparruan zein kanpoan— giltzarri diren eragile politiko, akademiko, ekonomiko, enpresarial eta sozialekin kooperatzea.
- Ekonomia Itunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko ogasun publikoen teoriari eta praktikari buruzko azterketak, analisiak eta ikerketak garatzea eta bultzatzea, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, Ogasun eta Finantza Sailaren kudeaketa eta bitartekoak indartzea, eta bestetik, foru-finantzaketako sistemaren hedapena eta ezagutza bultzatzea. Horretarako, kanpoko beste eragile batzuekin lankidetzan jardungo du, bereziki unibertsitatearekin eta Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen esparruan espezializatutako beste ikerketa-zentroekin.
- Estrategiaren eta 2026-2031 aldirako Ekintza Planaren ezarpenaren eta betetzearen jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta hurrengo aldirako Ekintza Planaren diseinuan eta prestaketan parte hartzea.
Gobernu Kontseiluak onartu ostean, testua —104/2026 DEKRETUA, ekainaren 30ekoa, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua bigarrenez aldatzen duena— 2026ko uztailaren 16an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, eta uztailaren 17an, jarri zen indarrean.
Iturria: Irekia
Egunekoa
Kategoria guztiak
-
Ad Concordiam 9
-
Akademia 65
-
Araba 135
-
Argitalpen berriak 104
-
Artikuluak 20
-
Askotarikoak 6
-
Berri berriak 226
-
Bizkaia 151
-
Egunekoa 243
-
Ekonomia Ituna 82
-
Epaitegietatik 18
-
Europa 48
-
Gipuzkoa 151
-
Hedakuntza 146
-
Internazionala 69
-
Irudi-galeria 8
-
Iruzurraren aurkako borroka 30
-
Kupoa 48
-
Nafarroa 50
-
Parlamentuak 14
-
Pertsonaiak 15
-
XIX. Mendea 7
-
XX. Mendea 20
-
XXI. Mendea 292
-
Zergak 234