Gipuzkoako Foru Aldundiak 172,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen 2022 urtean

Compartir

Gipuzkoako foru Ogasunak 172,6 milioi euro azaleratu zituen pasa den urtean, zerga iruzurraren aurkako borrokan egindako jarduketen ondorioz. Ogasunak 90.020 jarduketa egin zituen pasa den urtean alor honetan.

Egindako jarduketen detailera jaitsiz gero, hiru motatako esku hartzeak aipatu daitezke: informazio lortzera bideratuak, prebentziozkoak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen taldean, aipatzekoa da nazioarteko informazio trukaketarako akordioei esker, 122.750 euro azaleratu direla pentsioetan, eta beste 553.443 euro atzerrian dauden ondasun eta eskubideetan. Gainera, administrazioen arteko informazio trukaketaren arloan, 9,9 milioi datu partekatu dira Estatuko zerga administrazioarekin eta Araba eta Bizkaiko foru Ogasunekin, eta Berehalako Informazio Horniduraren (BIH) bitartez 28,8 milioi faktura jaso dira.

Prebentzio jarduketen atalean, informazioaren kudeaketan egindako aurrerapausoak egin dira, BIH edota TicketBAI bezalako proiektuen eskutik. Gainera, gizarteari begira egindako hainbat ekimen ere egin dira, esaterako, ikastetxetan egiten den unitate didaktikoa: azken ikasturtean, Gipuzkoako 92 ikastetxek hartu zuten parte ekimenean, 3.597 ikaslerekin. Bestalde, pasa den udan egin zen ‘Desberdintasuna, fiskalitatea eta eredu produktiboa” uda ikastaroa edota aholkulari eta bitartekariekin egindako urteko foroak ere aipatu ditu. Gainera, herritarrek aurkeztutako 164 salaketa ere tramitatu dira, eta hauetatik 22 likidazioekin amaitu dira, 2,7 milioi euroko zorra azaleratuz.

 

2023ko Egiaztapen Plana

Aurtengo urteari begiratuta, Gipuzkoako foru Ogasunak pertsonetan, teknologian, kontzientziazioan eta informazioan inbertitzen jarraitzeko asmoa du. Zerga iruzurraren aurkako jarduketak hiru kategoria handitan sailkatzen dira, eta horrela daude jasota 2023ko Egiaztapen Planean ere: lehenik, informazio lortzeko jarduketak; bigarrenik, prebentzio jarduketak; eta, hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen lerroari helduta, informazioa lortzeko jarduketena, hemen jasotzen dira zergen ikuspegitik garrantzia duen informazio lortzera bideratzen diren edozein esku hartze. Arlo honetan, Ogasunak mundu mailan egingo du lan, informazio trukatzeko nazioarteko akordioak ustiatzen eta nazioartean diharduten zergadunak zaintzen, eta arreta berezia jarriko du 2023 urtean ezar daitezken zerga berrietan.

Bigarren lerroari dagokionean, prebentzio jarduketak, jarduera ekonomikoak egiten dituztenen fakturazioari buruzko informazioa lortzean jarriko du Ogasunak arreta berezia. Horretarako, Berehalako Informazio Hornidura (BIH) eta TicketBAI proiektuak izango dira oinarria. Honekin batera, teknologia berriak aplikatuko dira arrisku fiskalen analisia etengabe hobetzeko, Estrategia Teknologikoko Unitatea bultzatzen ari den ekimenen eskutik. Ogasunak unitate didaktikoaren bitartez jarraituko du eskoletan prebentzioa lantzen, eta zerga betebeharrak borondatez betetzeko ekintzak sustatzen eta bideak irekitzen jarraituko du.

Hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketei dagokionean, enpresa taldeen, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen edota ondare sozietateen kontrolean jarriko da arreta. Aldi berean, behartuta egonda ere zergen autolikidazioak aurkezten ez dituzten zergadunak edota eragiketa bolumenagatik, hainbat zerga administrazioetan aritzen direnak kontrolatuko dira, eta arreta berezia jarriko da edozein irregulartasun aurkezten dutenetan. Puntu honetan, zerga guztietan arituko da foru Ogasuna zerga iruzurraren kontrako lanean.

 

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia