Datorren 2026ko irailaren 24an eta 25ean, Bilbok VIII. Galeusca Historia Kongresua hartuko du. Topaketa akademikoak hainbat unibertsitate eta ikerketa-zentrotako adituak bilduko ditu, Euskadiren, Galiziaren eta Kataluniaren historia garaikideko prozesu politiko, instituzional eta sozial nagusietako batzuei buruz hausnartzeko.

Izen-ematea zabalik

Kongresuan izena emateko epea zabalik dago. Jardunaldietan parte hartu nahi baduzu, hurrengo estekaren bidez eman dezakezu izena.

Galeuscaren historia garaikidean zeharreko ibilbidea

Kongresua bi jardunalditan egingo da. Lehenengoa EHUko Bizkaia Aretoan izango da; bigarrena, berriz, Euskadiko Artxibo Historikoan eta Gogora Institutuan. Programak historia garaikidean zeharreko ibilbidea proposatzen du lau esparru nagusiren bidez —erakundeak eta autonomiak, gerrak, errepresioa eta erbestea—, 2026an betetzen diren hainbat urteurren historiko abiapuntu hartuta.

Ardatz nagusietako bat 1876ko uztailaren 21eko Legearen 150. urteurrena izango da, azken Karlistaldiaren amaieraren ondoren onartutakoa. Hainbat hitzaldik garai hartatik eratorritako eraldaketa instituzionalak aztertzeko aukera emango dute, foruen aboliziotik eta foraltasun berri baten eraketatik hasi eta Galeuscako lurraldeetako erakundeen eta autonomia eraikitzeko prozesuen ondorengo bilakaeraraino. Programak Galiziara eta Kataluniara ere zabalduko du begirada, Bigarren Errepublikako autonomia-ekimenak eta XX. mendean zehar garatutako beste instituzionalizazio-prozesu batzuk aztertuz.

Lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketaren 90. urteurrenak ere leku nabarmena izango du. Haren sorrera eta funtzionamendua hainbat ikuspegitatik aztertuko dituzte hitzaldiek, besteak beste, Ogasuna, Defentsa, Merkataritza eta Hornidurak, Industria, Gobernazioa eta Gizarte Laguntza arloei erreparatuz, baita euskal autogobernuaren lehen esperientzia haren protagonista izan ziren pertsonei ere.

Bigarren jardunaldian, Gerra Zibila, errepresio frankista eta erbestea izango dira aztergai, baita prozesu horien ondorio politiko eta sozialak eta haietatik eratorritako askotariko esperientziak ere. Horrela, topaketak ikuspegi konparatua eskainiko du euskal, galiziar eta katalan historia garaikidea sakonki markatu zuten gertakarietako batzuei buruz.

Joseba Agirreazkuenagari omenaldia

Zortzigarren edizio honek, gainera, izaera berezia izango du, Joseba Agirreazkuenaga irakasleari omenaldia egingo baitzaio. Galeusca Historia sarearen sustatzaileetako bat da Agirreazkuenaga, eta historia instituzionalaren biziberritzearekin estuki lotutako figura. Hain zuzen ere, erakundeen sorrera, bilakaera eta eraldaketaren azterketa da edizio honen hari nagusietako bat, Joseba Agirreazkuenagak bere ibilbide akademikoan landutako ikerketa-ildo nagusietako bati aitortza eginez.

Omenaldia irailaren 24ko arratsaldean egingo da, eta haren ibilbide akademikoarekin lotutako ikertzaile eta adituek parte hartuko dute. Kongresuari amaiera emateko, irailaren 25ean, Joseba Agirreazkuenagak berak «Azken ikasgaia» eskainiko du.

Kongresuari buruzko informazio guztia haren webgunean kontsulta daiteke.

Zalantzarik edo kontsultarik izanez gero, idatzi ituna@ehu.eus helbidera edo jarri gurekin harremanetan 946 012 240 telefono-zenbakian (09:00-14:00).

Kategoria guztiak