PFEZren erregelamenduaren deuseztasun partzialaren epaia errekurrituko du Bizkaiak

Compartir

Bizkaiko Foru Aldundia ez dator bat pertsona partikular batek egoitza elektronikoaren bidez deklarazioak aurkezteko prozeduraren aurka aurkeztutako demandari dagokionez auzitegiak egiten duen interpretazioarekin eta berretsi du zergadunek errenta-aitorpena Internet bidez, telefonoz eta foru-bulegoetan aurrez aurre aurkezteko aukera izango dutela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak PFEZren erregelamenduaren deuseztasun partziala deklaratu du errenta-aitorpenak  Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkezteko prozedurari dagokionez. Pertsona partikular batek aitorpena egoitza elektronikoan aurkezteko derrigortasunaren eta jakinarazpenen prozeduraren aurka jarritako errekurtsoa partzialki baiesten duen epai horri buruz Foru Aldundiak honako hau adierazten du:

  • Auzitegiaren epaiak ez du inolako garrantzi edo eragin praktikorik Foru Ogasunak PFEZaren aitorpena aurkezteko zergadunei eskaintzen dizkien zerbitzuetan. Horrela hurrengo Errenta kanpainan zergadunek euren aitorpena, aurreko urtean bezala, egoitza elektronikoan, telefonoz, Ogasunaren bulegoetan edo, Ogasunaren zirriborroarekin ados badaude eta itzuli beharreko emaitza bada, Gertu bulegoan, automatikoki, aurkeztu ahal izango dute. Gainera, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Batzar Nagusietan iragarri zuen bezala, hurrengo Errenta kanpainan asistentzia-zerbitzuak eta telefono bidezko eta aurrez aurreko aurkezpen-zerbitzuak indartuko dira.
  • Aldundia ez dator bat auzitegiak PFEZren Erregelamenduari buruz egiten duen interpretazioarekin PFEZaren aitorpena egoitza elektronikoan aurkezteko betebeharrari dagokionez. Aurreko puntuan adierazi den bezala, egoitza elektronikoa ez da aitorpena aurkezteko bide bakarra, eta zergadunek gehien eskatzen dutena bada ere, aurreko errenta kanpainan 163.034 pertsonak aurkeztu zuten aitorpena telefonoz, bulegoetan edo automatikoki. Aurkeztutako 636.264 aitorpenen % 25,6 izan ziren.
  • Era berean, ez dator bat Auzitegiak egoitza elektronikoko jakinarazpenei buruz egiten duen interpretazioarekin. Izan ere, Foru Ogasunak paperezko jakinarazpenak bidaltzen dizkie egoitza elektronikoaren bidez iristen ez diren pertsonei. Errentaren azken kanpainan 128.964 jakinarazpen egin ziren postaz.

Epai honek errentaren kanpainan eragin praktikorik ez duela berretsiz, Foru Aldundiak herritarrei adierazi nahi die hurrengo kanpainan errenta-eredu berria hobetzen jarraituko duela, zergadun bakoitzari aitorpen-zirriborro bat eskainiz eta laguntza pertsonaleko zerbitzuak indartuz, pertsona guztiei zerga-betebeharrak betetzen laguntza emanez.

Foru Aldundiak kasazio-errekurtsoa jarriko du epai horren aurka Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia