
- Nuevas publicaciones
- 08/07/2026
Mikel Erkorekak (Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideetako zuzendaria) eta Xabier Muruak (Ituna Agiritegiko ikertzailea) “UN SÉCULO DE NACIONS: Galicia, Euskadi e Catalunya” liburuan «Arabako Aldundiaren «Foral» izendatzailearen berrinstituzionalizazioa frankismoan» izeneko kapitulua argitaratu dute. Argitalpenak Galizia, Euskadi eta Kataluniaren ibilbide nazional eta instituzionalak aztertzen ditu, eta sarbide irekian dago eskuragarri, «Trea Liburutegi Zabala« plataforman.
Tropa liberalek azken gerra karlista (1872-1876) irabazi ondoren, Estatuak, foru erakundeen borondatearen aurka, 1876ko uztailaren 21eko Legearen bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru sistema indargabetu zuen. Horrela, foru sistema politiko-instituzionala deuseztatu zen (Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak deseginez), eta euskal probintziak Estatuaren antolakuntza sistema zentralista eta uniformean parekatuta geratu ziren hainbat esparrutan; besteak beste, justizia arloan edo arlo militarrean. Hala ere, 1878an adostutako Ekonomia Itunari esker, aldundi “berriek” – harrezkero, Aldundi probintzial (“Diputación Provincial”) izendapenarekin-, nolabaiteko autonomia ekonomiko-fiskal eta administratiboa mantendu ahal izan zuten. Hasiera batean Ekonomia Itunak hainbat esparrutik errefusa jaso bazuen ere, XX. mende hasierarako, euskal arku politikoaren gehiengoa haren alde egotera pasatu zen, foru-autogobernuaren aztarna nagusitzat defendatu zutelarik.
XIX. mendearen azken laurdenean, foruen abolizioaren trauma oraindik pil-pilean zegoela, batasun politiko eta instituzional bati eutsi zitzaion euskal lurraldeetan, foruen berrezartzea aldarrikatzen zuena. Berrezartzearen aldeko diskurtsoak ez zuen deszentralizazioa aldarrikatzen, baizik eta foru-erakundeak eta –botere propioak berreskuratzea. Foraltasuna legitimitate iturria eta euskarri politiko-juridikoa zen, euskal lurraldeak Estatuaren lurralde antolakuntza ereduan enkaje pribatibo eta asimetrikoa justifikatzeko eta babesteko, eta euskal lurraldeetako estatus bereizgarria beste lurralde-aldarrikapen batzuen aldean desberdintzeko. Besteak beste, Ekonomia Itunaren sistemaren jarraipena legitimatzeko ere balio izan zuen (diskurtso foralean, Ekonomia Itunak zubi loturagile eta jarraitasun papera zuen foru-aldundien botere fiskalaren eta Aldundi probintzial «berrien» artean). Errestaurazioaren garaian, Primo de Riveraren diktaduran eta II. Errepublikan zehar, euskal aldundiek tinko eta temati aldarrikatu zuten foruen erabateko berrezarpena. Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernu probintzialek errespetatu egin zuten «Diputazio probintzial» izendapenaren erabilpena euren dokumentazio eta argitalpenetan, garaiko testuinguru administratibo-instituzionalean erabiltzen zen izen ofiziala (“Foral” terminoak konnotazio politikoak gordetzen zituen, eta haren erabilpena ekidin egin zuten eguneroko gestio burokratikoan eta esparru ofizialean).
1936an Gerra Zibila piztu eta tropa kolpistek 1937ko ekainean Bilbo konkistatu ondoren, Ekonomia Ituna indargabetu egin zen Bizkaian eta Gipuzkoan. Franco-ren Gobernuak, bere bandoaren barruko ahots batzuen aurka, «traidoretzat» jo zituen Bizkaia eta Gipuzkoako probintziak, indarrean zegoen legeriaren eta Gobernu errepublikarraren alde mantentzeagatik, eta horrela justifikatu zuen Ekonomia Ituna eta onartu berri zen 1936ko Autonomia Estatutua ezabatzeko erabakia. Araban eta Nafarroan, aldiz, matxinatutako militarrek – errepublikarren aurkako alderdien eta, bereziki, karlisten laguntzarekin–, botere publikoaren kontrola eskuratu zuten eta Estatu Kolpearekin bat egin zuten hasiera batetik. Gerra amaitu ondoren, Arabako Ekonomia Itunaren eta Nafarroako Ekonomia Hitzarmenaren erregimen bereziek indarrean jarraitu zuten, erregimen zentralista eta unitario frankistaren barruan salbuespena osatuz. Era horretan, frankismoan zehar ere, Nafarroako eta Arabako itunpeko Aldundien ogasun propio eta autonomoak bere horretan jarraitu zuten funtzionatzen, erakunde hauek “estatus” bereizgarria mantendu zutelarik garaiko lurralde antolakuntza ereduaren barruan.
Ildo honetatik, behin Ekonomia Itunaren jarraipena bermatu eta gutxira, Arabako Aldundiak, bere izen ofiziala aldatzeko apustua egin zuen oso momentu goiztiarrean (Gerra zibila oraindik amaitu gabe zegoelarik). Aldundiak “Foral” bereizgarria gehitu zion bere izendapen ofizialari. “Foral” izendatzaileak, aukera ematen zion, bai Bizkaiko eta Gipuzkoako zein gainerako aldundi «probintzialetatik» bereizteko eta itunpeko sistemaren legitimazioa eta jarraipena sendotzeko.
Artikulu honen helburua Arabako Aldundiak frankismoaren lehen urteetan aplikatutako berrikuspen terminologikoaren prozesuaren nondik norakoak aztertzea da, eta prozesu horren zergatiak eta arrazoiak azaltzea. Era berean, gobernu frankistak aldaketa horren aurrean izan zuen jarrera eta erantzuna ere aztertzen da. Azterketa hau burutzeko, ikerketak, nagusiki, fiskalitate- eta aurrekontu-iturriak erabiliko ditu (lehen mailakoak zein bigarren mailakoak), horixe baitzen Arabako «Foru» Aldundia eta aldundi “probintzialak” bereizten zituen botere-eremu nabarmengarriena. Estatuaren kasuan, Estatuko Aldizkari Ofiziala eta zenbait argitalpen estatistiko ofizial erabiliko ditugu iturri moduan.
Sarrera honetaz gain, artikulua hiru ataletan antolatzen da. Lehen atalean, frankismoaren lehen urteetan Arabako Aldundiak «Foral» terminoa berreskuratzeko prozesua aztertzen da. Bigarren atalean, Aldundiak aplikatutako aldebakarreko aldaketa horren aurrean Estatuak eman zuen erantzuna aztertzen da. Azkenik, ondorioen atalean, ikerketaren emaitza nagusiak aurkezten dira.
Kapitulua esteka honetan irakurri daiteke.
Actualidad
Todas las categorías
-
Academia 95
-
Actualidad 295
-
Ad Concordiam 24
-
Álava / Araba 290
-
Artículos 28
-
Bizkaia 354
-
Concierto Económico 260
-
Cupo 126
-
Difusión 162
-
Europa 133
-
Galería de imágenes 9
-
Gipuzkoa 285
-
Impuestos 481
-
Internacional 70
-
Ituna Newsletter - ES 105
-
Judiciales 67
-
Lucha contra el fraude 41
-
Navarra 85
-
Noticias frescas 382
-
Nuevas publicaciones 116
-
Parlamentos 31
-
Personajes 38
-
Siglo XIX 19
-
Siglo XX 49
-
Siglo XXI 591
-
Varios 30