Bizkaiko Batzar Nagusiek ekonomia suspertzeko zerga-neurri berriak ezartzen dituen Foru Araua onetsi dute, Covid-19 krisiari aurre egiteko. Bost neurri hauek ekintzailetzari laguntzera, enplegua sortzera eta kualifikazio handiko profesionalak erakartzera bideratuta daude, eta 2022ko urtarrilaren 1ean jarriko ditu indarrean Bizkaiko Foru Ogasunak.
1. Hirugarrenek ekintzailetza arloan inbertitzeagatiko kenkaria handitzea
Bai PFEZn, bai sozietateen gaineko zergan, ETEetan edo mikroenpresa berrietan edo enpresa sortu berrietan inbertitzeagatiko kenkaria handitu da. Kenkariaren intentsitatea %20tik %35era igotzen da ETEetan eta mikroenpresa berritzaileetan edo zilarrezko ekonomiarekin (Silver Economy) loturik dauden enpresetan egiten diren inbertsioetarako. Gainerakoen kasuan, egungo %10etik %25era igo da. Horrezaz gainera, zerga-tratamendu pizgarria sartzen da Ondarearen eta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko zergetan, ekintzailetzaren arloko inbertsioetarako.
Neurri honen helburua da pertsona fisiko edo juridikoak pertsona ekintzaileek garatzen dituzten proiektuetan inbertitzera bultzatzea, azken horiek beren proiektuak garatzeko aurre egin behar dieten finantzaketa-zailtasunak arinduz.
2. Ekintzailetzari loturik dauden ordainsarien tratamendua
PFEZren tratamendu berri bat ezartzen da ekintzaileentzat, lan-etekinen edo jarduera ekonomikoaren zati bat erakundearen akzioak edo partaidetzak eskuratzeko aukera-eskubideak ematean gauzatzen denean, edo akzioen edo partaidetzen balioaren bilakaerari loturik dagoen eduki ekonomikoaren alorreko beste eskubide mota batzuetan gauzatzen denean. Kasu horretan, akzioek edo partaidetzek ez dute tributurik ordainduko aintzatesten diren unean, eskualdatzen direnean baizik.
3. Kualifikazio handiko langileak erakartzeko araubidea
PFEZn hobetu egin da langile kualifikatu inpatriatuentzako araubideberezia, epea (5 urtetik 10 urtera) eta aplikatu beharreko salbuespen-ehunekoak (%15etik %30era) handituz. Era berean, aplikazio-eremua zabaldu egiten da kualifikaturik dauden pertsona guztiak barne hartzeko, bai besteren kontura lan egiten dutenak, bai norberaren kontura lan egiten dutenak, eta jarduerak ere zabaldu egiten dira.
Neurri horri esker, kualifikazio handiko profesionalak erakartzen dira Bizkaira, lurraldeko enpresen lehiakortasuna indartze aldera.
4. Kenkaria handitzea kalitatezko enplegua sortzeagatik
Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, areagotu egiten da enplegua sortzeagatik indarrean dagoen kenkaria, eta urteko soldata gordinaren %25eko kenkariaren muga orokorra handitzen da. Kenkari hori lanbide arteko gutxieneko soldataren %50ean ezartzen da LGSaren % 170tik gorako soldatarekin eta lan-kontratu mugagabearekin kontratatzen den pertsona bakoitzeko. Pizgarri hori handiagoa izango da lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsonak kontratatzen direnean.
5. Silver Economy eta zainketen ekonomiaren arloko lanbide-heziketari dagozkion gastuengatiko kenkaria
Sozietateen gaineko Zergan %10eko kenkari berri bat sartzen da; kenkari hori zilarrezko ekonomiaren eremuan trebakuntza espezializatuaren eta lanbide-heziketaren alorretako gastuak egiten dituzten zergadunek aplikatuko zaie. Aldi berean, kenkari hori zaintza-ekonomiari loturik dauden prestakuntza-gastuetara ere zabaltzen da.