Arabako Foru Ogasunak PFEZaren tarifaren %2,5eko deflatazioa proposatu du, inflazioaren eragina zuzentzeko

Compartir

Itziar Gonzalo, Arabako Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatua, PFEZaren % 2,5eko beste deflatazio bat iragarri du, «inflazioak zergen ordainketan duen eragin kaltegarria zuzentzeko».

Deflatazioaz gain, eta PFEZari dagokionez, zerga neurrien proiektuak zerga horren salbuespenak honako hauei zabaltzea jasotzen du:  Erkidegoko nekazaritzako politikako klimaren eta ingurumenaren aldeko laguntzei, Euskadi Bono-Comercio/Euskadi Bono-Denda laguntzei eta Eusko Jaurlaritzak seme-alabak dituzten familientzat emandako laguntzei.

Zerga neurriei buruzko foru arauak eutsi egiten die ibilgailu elektrikoen gaineko kenkariei eta kargatzeko puntuetarako egindako inbertsioei. Horrela, zergadunek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osotik kendu ahal izango dute beren jabetzako finkan edo garaje komunitarioan beren jabetzako eta erabilera partikularretarako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko ordaindu diren zenbatekoen % 15. Gutxitzearen oinarria 15.000 eurokoa izango da gehienez.

Foru arduradunak jakinarazi duenez, sozietateen gaineko zergan eta jasangarritasuna sustatzen duten neurriekin lotuta, «posible da % 17tik beherako tributazio eraginkorra egitea, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza eta energia iturrien aprobetxamendu efizienteena bilatzen duten proiektuei lotutako inbertsioen eta gastuen kenkaria aplikatzearen ondorioz».

Autonomoen jarduera garatzen jarraitzearen kenkariei dagokienez, indarrean jarraituko du 2024ko ekitaldirako. Murrizketa 800 eurokoa da gizonen kasuan eta 1.000 eurokoa emakumeen kasuan. Era berean, adin muga kendu da jarduera ekonomikoa hastearen kenkarian.

Despopulazio arriskuan dauden eremu edo guneetan jarduerak has daitezen laguntzeko, kenkaria 2.000 eurokoa izango da, jarduera hasten duten zergadunen kopurua edozein dela ere.  “Gune horietan jarduera ekonomikoa ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten duten emakume zergadunak badira, kenkaria 500 euroan handitu ahal izango da», zehaztu du Gonzalezek.

Era berean, zenbait baldintza aldatu dira ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzearen kenkaria aplikatu ahal izateko. Hala, kendu egin da mikroenpresek edo enpresa txikiek garatutako proiektuen finantzaketan parte hartzen duen zergadunarentzako kenkariaren muga.

Ildo horretan, ikerketa+garapena+berrikuntza teknologikoko proiektu bat egiten duen mikroenpresarentzat edo enpresa txikiarentzat, 1.000.000 €-rainoko kenkaria sortzen duen finantzaketa jasotzea ahalbidetzen dion muga handitzen da.

Bestalde, Zergei buruzko Foru Arau Orokorraren beste aldaketa batzuen artean, zabaldu egin dira zerga datuak, aurrekariak eta txostenak beste administrazio edo erakunde batzuei laga edo jakinarazi ahal izateko kasuak, administrazioaren lankidetza erraztuz.

 

Iturria: Arabako Foru Aldundia