Bizkaiko Foru Ogasunak Batuz-en erabilera zuzena kontrolatzeko kanpainari ekin dio

Compartir

Ostalaritzako, merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduetan, kontsumitzaileari baliozko fakturak ematen zaizkiola egiaztatzeko sistema jarri du martxan Bizkaiko Foru Ogasunak. Batuzi atxikitako establezimenduen kasuan, aldi berean fakturazio-sistemaren funtzionamendu egokia aztertuko da.

Bizkaiko Foru Ogasunak lurralde osoko establezimenduetan fakturak entregatzeko kontrol-kanpaina egingo du. Kanpaina honen helburua merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduek azken kontsumitzaileari tiketa edo faktura emateko betebeharra betetzen duten egiaztatzea da. Era berean, Batuz-i atxikitako enpresa eta profesionalen kasuan, jaulkitzen den tiketa eta erabilitako softwarea sistema horren baldintzetara egokitzen direla aztertuko da.

Enpresek eta profesionalek faktura edo tiketa eman behar diete erosketa bat egiten duten edo zerbitzu bat ordaintzen duten pertsona guztiei. Faktura edo tiket horretan sartu behar dira establezimendu jaulkitzailearen IFZ, izena, faktura-zenbakia, data, egindako eragiketa, BEZ mota eta azken prezioa. Batuz sistemarekin jaulkitako fakturek, gainera, TicketBai kode bat eta QR kode bat dituzte, azken bezeroari aukera ematen diona faktura hori Ogasunari behar bezala aitortu zaiola egiaztatzeko.

Faktura behar bezala ez jaulkitzea edo kontsumitzaileari faktura ez ematea iruzurrezko jokabidea da, diru-sarrerak ezkutatuz jarduera ekonomikoen zerga-oinarria murrizteko behin eta berriz erabiltzen dena, eta 600 eurorainoko zehapena jasotzen du.

 

Batuz

Jarduera ekonomikoen kontrol integrala egiten duen Batuz sistema jarduera ekonomikoen zerga-oinarriak urratzearen aurkakoa da. 2022ko urtarrilaren 1ean jarri zen martxan borondatez, eta gaur egun 11.747 pertsona fisikok eta juridikok ezarri dute; 7.059 autonomok eta 4.688 enpresak automatikoki jakinarazten dizkiote Foru Ogasunari euren eragiketa ekonomiko guztiak. Orain arte Foru Ogasunak autonomoek eta tamaina eta sektore ekonomiko guztietako enpresek egindako 121 milioi euroko erosketa eta salmentei buruzko informazioa jaso du Batuzen bitartez.

Batuz sistema borondatezko aldian betetzea (2022ko eta 2023ko ekitaldietan) konpentsazio batekin sustatzen da, PFEZan eta Sozietateen gaineko Zergan; konpentsazio horren bidez enpresek eta profesionalek %15eraino murrizten dute euren jardueraren etekin garbia. Era berean, euren fakturazio-sistemak sistema berrira egokitzeko egin dituzten gastuen % 30eko kenkaria aplikatzen da zergaren kuotan.

Borondatezko ezarpen-aldia amaituta Batuz nahitaezkoa izango da 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona guztientzat.

 

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia