Bizkaiako Foru Ogasunak 429,8 milioi erregularizatu zituen 2023an iruzur fiskalaren aurka

Compartir

2023an zehar Bizkaiko Foru Ogasunak 555.065 jarduketa egin zituen Iruzur Fiskalaren aurkako Planaren baitan, eta 429,8 euro lortu zituen, hau da, 2022an baino % 3,76 gehiago. Zenbateko horretatik, 53,5 milioi ustezko delituei dagozkie, eta gainerako 376,2 honako hauen likidazioiei dagokie: 269,4 milioi euro sartu gabeko kuotak dira, 51,7 milioi berandutze-interesen ordainketak, 10,2 milioi kuoten murrizketak eta beste 45 milioi Foru Ogasunak jarritako zehapenak.

Ogasun eta Finantzen foru-diputatu Itxaso Berrojalbizek datuok ezagutzera eman ditu, eta detektatutako iruzurra erregularizatu eta kobratzeko jarduketen eraginkortasunean jarri du azpimarra, 374 milioi euro berreskuratzeko aukera eman baitute, hau da, guztizkoaren % 86,6. Diru-bilketako jarduketak, nolanahi ere, egiten jarraitu dira, eta, beraz, zenbateko horrek printzipioz gora egingo du datozen hilabeteetan. Berreskuratze-indize hori bat dator azken ekitaldietakoarekin; izan ere, Iruzur Fiskalaren aurkako Planaren baitan 2019tik 2022ra bitarte erregularizatutako 1.554 milioi euroetatik Foru Ogasunak 1.428 milioi berreskuratu ditu jadanik, % 92 inguru.

 

2023 2019-2022
Iruzurra + zehapenak 429,8 milioi 1.554 milioi
Berreskuratutako zenbatekoa 374 milioi 1.428 milioi
Berreskuratutako % %86,6 %91,9
Kobratzeko dagoena 55 milioi 126 milioi

 

Erregularizatzeko eta kobratzeko jarduketen emaitza

2023an zehar erregularizatzeko eta kobratzeko egindako jarduketei erreparatuz gero (koadroa erantsi da), ikusten da nabarmenenak BEZaren apartatuaren baitakoak direla, 139 milioi euro baino zertxobait gehiago hartzen baitute, hau da, guztizkoaren % 33,5. Bigarren postuan, eta tarte nabarmenarekin, sozietateen gaineko zerga agertzen da, 81 milioi euro inguru hartzen dituena, 2023an iruzur fiskalaren aurkako borrokan hartutako diru-sarreren guztizkoaren % 19 inguru. Esanguratsuak dira ere bai susmoa piztu duten balizko hamasei delituak, Fiskaltzari helarazi zaizkionak jadanik, eta 53,5 milioi euroko zenbatekoa hartzen dutenak, zifra horrek nabarmen gainditzen baitu 2022an hamar delitutan zenbatutako 2,4 milioiak.

 

Jarduketak Emaitzak (eurotan)
PFEZ 499855 46751546
Ondarearen gaineko zerga 8832 3013956
Sozietateen gaineko zerga 5743 80923050
EERZ 1158 16884379
Beste zerga batzuk 14591 33788007
BEZa 21965 139066005
Atxikipenak 2905 55808227
Delituak 16 53532468
Guztira 555065 429767636

 

Jarduketarik esanguratsuenak (informazioa eskuratzea)

  •  Gehien detektatu den iruzurra hidrokarburoen merkaturatzaileen sektorekoa izan da, eta sektorean lehia desleiala sortzen ari da iruzur horren ondorioz. Iruzurra produktua biltegiratzen den zerga biltegietatik atera ondoren saltzean ordainarazten den BEZean egin ohi da. Ateratze horrek ez dio jasandako BEZik sortzen ateratzen duen enpresari, eta ondorengo barne-salmentan ordainarazten denarekin iruzurra egiteko aukera ematen du.
  •  Azpikeria hauteman da metalak berreskuratzeko sektorean; hain zuzen, sozietate bat erabili da benetako hornitzaileei txatarra erostearen itxura emateko, nahiz eta gehienak jarduera ekonomikorik gabeko pertsona fisikoak izan. Eragiketa horren bidez, hondakinak sortzen dituzten industria-enpresen ekoizpen-prozesuetako hondakinen azpisalmenta estali nahi zen. Bi sektore horietan, hidrokarburoak merkaturatzearena eta metalak berreskuratzearena, hamazortzi jarduketa egin dira eta 46.9 milioi euroko iruzur zenbatetsia egin dute.
  •  Jokoaren sektoreko hainbat enpresatan aitortu gabeko diru-sarrerak detektatu dira, jolas- eta zori-makinen ustiapenaren bidez. Halaber, edarien eta elikagaien handizkarien sektorean, aitortu gabeko eskurako salmentak antzeman dira. Guztira, 35 jarduketa egin dira, 10 milioi eurotik gorako zenbatekoa hartuta.
  •  Salbuetsitzat jo dira atzerrian kokaturiko establezimendu iraunkor batean sortzen ziren errentak. Egiaztatu denez, errentek ez zituzten zergak ordaindu jarduera burutzen zen herrialdean eta jarduera ere ez zen burutzen establezimendu iraunkor baten bidez, hortaz, ez ziren salbuetsitzat jo behar eta Bizkaian ordaindu behar zituzten zorrak. Guztira 6 jarduketa izan dira, 9,3 milioi euroko zenbatekoarekin.
  •  Ikusi denez, aitortu gabeko salmentak egon dira hainbat sektoretan, zeinetan ohikoa baita dirutan kobratzea eta bezeroak ez baitira enpresariak (txikizkako merkataritza, profesionalak, garbiketa, konponketa-tailerrak…) Edo aitortu gabeko gauzazko ordainsariak, lan- edo kapital-etekinengatik, dagokion atxikipena edo konturako sarrerarik egin gabe. Baita gastu ez kengarrien (turismoen erabilera, kontsumo pribatuak eta abar) erregularizazioa ere, atal hori, 209 jarduketarekin, 11,6 milioi eurokoa da.
  •  Beste 16 jarduketa (ia 1,4 milioi euro) sozietateetan horiek kontrolatzen dituzten bazkideen kargatutako gastu pribatuei dagozkienak eta pertsona fisikoek zuzenean egindako jardueren diru-sarrera enpresarialak kentzen dituzten gastu pribatuei dagozkienak. Gastu pertsonal mota guztiak barne hartzen dira, hala nola otorduak, bidaiak, xede pribatuetarako ibilgailuen erosketa eta erabilera, familia-ekitaldiak eta abar.
  •  2023an zehar plataforma digitalen bidez iragazten ziren apartamentu turistikoak alokatzen zituzten 43 pertsonaren eta erakunderen ikerketa amaitu da. Jarduketa horiek 193.000 euroko emaitza eman dute.
  •  Era berean, 58 espediente izapidetu dira (1,4 milioi euro), higiezinen arloarekin lotutakoak, aitortu gabeko errentamenduak ere barne hartuta. Jarduketak salaketen eta hainbat higiezin dituzten pertsonen edo erakundeen azterketaren ondorioz burutu dira.

 

Jarduketarik garrantzitsuenak (Erregularizazioa eta kobrantza)

  •  Zergak eragiketa-bolumenean ordaintzen dituzten erakundeen tributazio-ehunekoen eta Ekonomia Ituneko lotura-puntuen aplikazioaren kontrola: 34 jarduketa eta prozedura egin dira, eta 88,9 milioi euroko emaitza izan dute.
  •  Diru-bilketaren arloan, nabarmentzekoa da erantzukizuna deribatzeko 215 jarduketa egin direla erantzule solidarioei eta subsidiarioei 38,1 milioi euro ordaintzeko eskatzeko, araudiak aukera ematen baitie beste zergadun batzuei zergak ordain ditzatela eskatzeko. Zerga horiek ez dituzte ordaindu, beren jokabideengatik, iruzurra egiten parte hartu dutenean edo egitea ahalbidetu dutenean.
  •  Era berean, zerga-bilketako organoek era guztietako ondasun eta eskubideen 56.246 enbargu egin dituzte, 37,4 milioi euroko zenbatekoarekin, borondatez ordaintzeko epean zerga-betebeharrei aurre egin ez zieten zergadunei dagokienez.

 

Jarduketarik garrantzitsuenak (Prebentzio-jarduketak)

  • Prebentzioaz hitz egiten badugu, 2023a iruzurraren aurka borrokatzeko BATUZ sistemara borondatez atxikitzeko urtea izan da. Abenduaren 31ra arte, atxikitako 16.017 enpresari eta profesionalek jakinarazi zioten Foru Ogasunari 220 milioi erosketa eta salmenten informazio ekonomikoa Eragiketa Ekonomikoen Erregistro-liburuaren (EEEL) bidez.
  • 2023an, Foru Ogasunak 3,8 milioi arreta eman die herritarrei Bizkaian, zerga-betebeharrak borondatezko aldian bete dadila erraztuz. Zergadunen eskaria aintzat hartuta, arreta-modalitateen arteko banaketa honako hau izan zen:
    arreta bide digitalean 2.724.232 (72,7%)
    arreta telefonoz 847.530 (22,6%)
    arreta aurrez aurre 175.411 (4,7%)
  • Zergei buruzko hezkuntza-modulua. 2022-23 ikasturtean zehar, modulu hori Bizkaiko 132 ikastetxetan eman da, eta horietan 4.123 ikaslek hartu dute parte (2.104 neskek eta 2.019 mutilek, zehazki).
  • Beste zerga-administrazio batzuekin informazioa trukatzea: 2023an zehar, 263 milioi datu baino gehiago trukatu dira foru-ogasunekin eta ZAEArekin (Zerga Agentzia). Aldi horretan, Bizkaiak 215 milioi jaso ditu eta 48,3 milioi datu bidali ditu.

 

Iturria: Bizkaiko Foru Aldundia