Nafarroako eta Estatuko ordezkaritzek zerga-arloko zenbait akordio lortu dituzte Nafarroa-Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoan adierazitako aldebiko harremanaren esparruan. Zehazki, lortutako adostasunak zerga- eta finantza-arloko akordioei buruzkoak dira.
Lehenengoei dagokienez, plastiko ez-berrerabilgarrien ontzien gaineko zerga harmonizatzea, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren aldaketetara egokitzea eta fortuna handien aldi baterako elkartasun-zerga harmonizatzea erabaki da. Gainera, finantza-arloan, Nafarroak aldi baterako energia-kargetan eta kreditu-entitateetan eta kredituko finantza-establezimenduetan parte hartzea erabaki da, bai eta plastiko ez-berrerabilgarrien ontzien gaineko zergaren eta berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergaren bilketan egin beharreko doikuntzak zehazteko metodologia ere.
Akordio guztiak Negoziazio Batzordearen eta Nafarroa-Estatua Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordearen bi bileratan lortu dira. Bilera horiek Madrilen egin dira, formatu mixto batean (aurrez aurrekoa eta telematikoa). Bi hitzordu horien amaieran, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Elma Saizek sinatutako akordioen garrantzia nabarmendu du: “Nafarroak urratsak egiten jarraitzen du bere eskumen propioen defentsan, eta, beste behin ere, Estatuko Administrazioarekin duen aldebiko harremanetik abiatuta egiten du”. Era berean, Saizen arabera, “akordio horiek Nafarroaren autonomia indartzen dute sortzen ari diren zerga-figura berriak kudeatu eta biltzeko orduan”.
Negoziazio Batzordearen edukia
Lehenik eta behin, Hitzarmen Ekonomikoaren Negoziazio Batzordea bildu da. Bertan, Nafarroako Ondarearen gaineko Zergaren osagarri den Fortuna Handien Aldi Baterako Elkartasun Zergari dagokionez, erabaki da Nafarroak zerga hori eskumen arauemaile propioarekin ordainarazteko aukera izango duela.
Gainera, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari dagokionez, aurreikusten da, fabrikazio-kasuetarako, Nafarroako Foru Ogasunak kudeatuko eta bilduko duela zerga, ontziak fabrikatzen diren establezimenduak Nafarroako lurraldean daudenean. Europar Batasunaren barruko erosketen eta zergaren xede diren produktuak modu irregularrean sartzearen kasuan, kudeatzeko eta biltzeko lotura-puntua zergadunaren egoitza fiskala izango da.
Azkenik, berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergari dagokionez, zergaren eremu objektiboa osatzen duten gas fluordunen fabrikazioa, inportazioa, erkidego barruko erosketa edo edukitza irregularra zergapetzen ditu zergak. Biltegizain gisa baimendutako zergadunek egindako gas-salmenta, -emate edo -kontsumoetarako eta fabrikazio-kasuetan kudeatzeko eta biltzeko eskumena duen administrazioaren konexio-puntu gisa, jarduera garatzen den establezimendua kokatuta dagoen lekua ezarri du. Europar Batasunaren barruko erosketen kasuan eta zergaren xede diren produktuak modu irregularrean edukitzen diren kasuetan, adostutako konexio-puntua zergadunaren zerga-egoitza da.
Gainera, azken bi zeharkako zerga horiei dagokienez, zerga-bilketari bi doikuntza ezartzea erabaki da.
Koordinazio Batzordearen edukia
Negoziazio Batzordearen ondoren, Nafarroa-Estatua Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordea bildu da, eta erabaki du, alde batetik, Nafarroak aldi baterako energia-kargetan eta kreditu-entitateetan eta kredituko finantza-establezimenduetan parte hartzea, eta, bestetik, berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari eta berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergari dagozkien zerga-doikuntza berrien metodologia zehaztea.
Lehenengo gaiari dagokionez, erabaki da Estatuko Administrazio Orokorrak finantzaketa emango diola Nafarroako Foru Komunitateari, Ukrainako gerrak eta COVID-19ak eragindako pandemiaren ondoriozko eskaintza- eta hornidura-arazoek eragindako aparteko ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko. Finantzaketa hori 2023an eta 2024an sortutako diru-sarreren bolumenaren %1,6 izan da, eta ekarpen ekonomikoa ordaintzeko epeetan konpentsatuko da. Horren ordainetan, Nafarroak bere gain hartuko ditu bi kargen bilketarekin bakarrik finantzatzen diren Estatuaren laguntzen definizioa eta kudeaketa.